Open Knowledge
Contents

Defining Open in Open Data, Open Content and Open Knowledge

Jakintza Askearen Definizioa

Version: 1.0

Terminoak

Jakintza terminoaren barrukotzat jotzen dira:

  1. Edukiak, hala nola musika, filmak, liburuak
  2. Datuak, zientifikoak, historikoak, geografikoak edo beste edonolakoak
  3. Gobernuen eta herri erakundeen informazioa

Softwarea ez da jakintzaren barrukotzat hartzen, berebiziko garrantzia duen arren, aurreko lanetan era egokian arautua izan baita.

Lana erabiliko dugu delako jakintza gai oro adierazteko.

Bilduma ere erabiliko dugu lan multzo bat adierazteko. Jakina, bilduma bere horretan lantzat har daiteke.

Baimenak adierazten du lana besteren esku ipintzeko erabiltzen den lege-babesa. Inolako baimenik ez dagoenean, ulertu beharko da adierazten dituela lana besteren esku ipintzeko aplikatu beharreko lege-baldintza lehenetsiak.

Definizioa

Lan bat askea da banaketa irizpideetan baldintza hauek betetzen baditu:

1. Eskuratu

Lana osorik izan behar da eskuragarri eta kopiatua izateko zentzuzko kostu batez, ahal izanez gero Internetetik doan kargatzeko moduan. Baita ere, lana eskuragarri izan behar da forma egoki eta aldagarri batean.

2. Birbanatu

Baimenak ez dio inori mugarik ipini behar lana saldu edo banatzeko, den bezala nahiz beste iturrietatik ekarritako lanekin batera bilduma baten barnean. Baimenak ez du ordainsaririk edo beste inolako kuotarik ezarri behar salmenta edo banaketa horietan.

3. Berrerabili

Baimenak onartu behar ditu lanaren aldakuntzak edo lan eratorriak, eta jatorrizko lanaren baldintza berberetan banatzeko aukera eman. Baimenak aitorpen eta bakantze eskakizun batzuk ezar ditzake: ikusi beherago 5. irizpidea (Aitortu) eta 6. irizpidea (Bakandu).

4. Mugakizun teknologikorik ez

Lana eskaini behar da gorago aipatutako jarduerak gauzatu ahal izateko inolako eragozpen edo oztopo teknologikorik gabe. Hori egin daiteke lana datu formatu irekian eskainita, hori da, formatu zehaztapen publiko eta doanekoak dituen batean, ordainketa nahiz bestelako mugakizunik ipintzen ez duen lekuren batean eskuragarri.

5. Aitortu

Baimenak baldintza bat ezar dezake lana birbanatu edo berrerabiltzeko: sortzaile eta laguntzaileak nor diren aitortzea. Baldintza hori ezartzen bada, ez daiteke kostubidez egin. Adibidez, aitorpen bat ezartzen baldin bada, lanarekin batera aitortu beharrekoen zerrenda egon behar da.

6. Bakandu

Baimenak baldintza bat ezar dezake lana aldaturik banatzeko: ondoriozko lanak beste izen edo bertsio zenbaki bat izatea, jatorrizko lanaren desberdin.

7. Pertsonak edo taldeak diskriminatu gabe

Baimenak ez du inolako pertsona edo talderik diskriminatu behar.

8. Lan esparrurik diskriminatu gabe

Baimenak ez dio inori mugarik ipini behar lana esparru jakin batean erabili ahal izateko. Adibidez, ezin da debekurik ipini negozioren batean, edo ikerketa militarrean erabiltzeko.

9. Baimena banatu

Lanari atxikitako eskubideak lana birbanatzen zaion pertsona orori dagozkio, beste baimen osagarririk behar izan gabe.

10. Baimena ez da bilduma jakin batena izan behar

Lanari atxikitako eskubideak ezin dira loturik egon lan hori bilduma baten zati izateari. Lana bildumatik erauzi eta bere baimenaren mende erabili edo banatzen baldin bada, lana birbanatzen zaien guztiek izan behar dituzte jatorrizko bildumak orotara zituen eskubide berberak.

11. Baimenak ez du beste lanik banatzea mugatu behar

Baimenak ez du mugakizunik ezarri behar lanarekin batera banatzen diren beste lanei buruz. Adibidez, baimenak ezin du ezarri bide beretik banatzen diren lan guztiak askeak izan behar direnik.

Translated by Gotzon Egia